

PERPAUS BAKUNA




PERPAUSA ordena eta esanahia duen hitz katea da.
PERPAUS BAKUNAK aditz bakarra duten perpausak dira. Lau motatakoak izan daitezke:
* Adierazpen-perpausak
* Galde-perpausak
* Aginte-perpausak
* Harridura-perpausak
ADIERAZPEN-PERPAUSAK
Gertakariei buruzko informazioa ematen dute. Bi motatakoak izan daitezke:
-
Baiezko perpausak
SUBJEKTUA + OSAGARRIAK + ADITZA
Adibidez:
Ikaslea ikastetxera goizero autobusez dator. Ikaslea autobusez goizero ikastetxera dator. Goizero autobusez ikastetxera ikaslea dator.
Ikaslea autobusez ikastetxera goizero dator.
Ohartu zaitez aurreko lau adibideetan, nahiz eta osagai berdinak erabili, ordena aldatzerakoan ez dela informazio berdina ematen. Eta hori zergatik?
Perpaus bakoitzak informazio esanguratsu bat ematen du eta hori aditzaren aurretik jartzen den osagaiak adierazten du. Ikus dezagun aurreko adibideetan:
Ikaslea ikastetxera goizero autobusez dator. (Nola dator?)
Ikaslea autobusez goizero ikastetxera dator.
(Nora dator?)
Goizero autobusez ikastetxera ikaslea dator.
(Nor dator?)
Ikaslea autobusez ikastetxera goizero dator.
(Noiz dator?)
Perpausaren osagairik garrantzitsuena aditzaren aurretik adierazten da eta GALDEGAIA izenez ezagutzen da.
Hona hemen beste adibide batzuk:
Ikasleak etxetik motxilan gosaria ekarri du. Ikasleak motxilan gosaria etxetik ekarri du. Ikasleak gosaria etxetik motxilan ekarri du.
Etxetik motxilan gosaria ikasleak ekarri du.
-
Ezezko perpausak
SUBJEKTUA + EZ + ADITZA + OSAGARRIAK
Jar ditzagun aurreko adibideak ezezko eran:
Ikaslea ikastetxera goizero ez dator autobusez. Ikaslea autobusez goizero ez dator ikastetxera. Goizero autobusez ikastetxera ez dator ikaslea.
Ikaslea autobusez ikastetxera ez dator goizero.
Ikasleak motxilan etxetik ez du gosaria ekarri. Ikasleak gosaria motxilan ez du etxetik ekarri. Ikasleak gosaria etxetik ez du motxilan ekarri.
Etxetik motxilan gosaria ez du ikasleak ekarri.
Ikasleak motxilan etxetik ez du ekarri gosaria.
GALDE-PERPAUSAK
Galderak egiteko erabiltzen dira. Galde -marka (?) dute amaieran bakarrik. Galdetzen den informazioa adierazten duen osagaia aditzaren aurretik kokatzen da. Hiru motatakoak izan daitezke:
-
Zati-galderak: informazio jakin bati buruz galdetzeko erabiltzen dira. Horretarako galdetzaile bat erabiltzen da.
NOR da hori? Hori ENEKO da.
NON dago liburua? Liburua MOTXILAN dago.
NORK ekarri du gaur aterkia? Gaur aterkia ANDERREK ekarri du.
-
Aukera-galderak: solaskideari aukera egiteko eskatzen zaio galdera mota honekin. Horretarako ALA juntagailua erabili behar da.
NOR da hori, ENEKO ala IÑAKI? Hori ENEKO da. ZER nahi duzu, KAFEA ala TEA? KAFEA nahiago dut.
-
Bai-ez erako galderak: BAI edo EZ erantzuna duten galderak dira:
Zurea da, ezta? Bai, nirea da.
Ikusi al duzu nire koadernoa? Ez, ez dut koadernorik ikusi.